Ospe handiko 10 pertsonak osatutako Bake Konferentziaren Ohorezko Batzordearen partaideak eta mezua.
Bake Konferentziaren Ohorezko Batzordea 10 pertsona ezagunek osatzen dute
Elkarrirentzat pozgarria da eta, aldi berean, ardura handia Bake Konferentziaren Ohorezko Batzordea hurrengo pertsona ezagunek osatzen dutela jakitera ematea:
John Hume. Bakearen Nobel Saria, 1998.
Dalai Lama. Bakearen Nobel Saria, 1989.
Mairead Maguire. Bakearen Nobel Saria, 1976.
Federico Mayor Zaragoza. Cultura de Paz Fundazioaren Lehendakaria.
Rigoberta Menchú. Bakearen Nobel Saria, 1992.
Danielle Mitterrand. France Libertés Fundazioaren Lehendakaria.
Adolfo Pérez Esquivel. Bakearen Nobel Saria, 1980.
José Ramos-Horta. Bakearen Nobel Saria, 1996.
José Saramago. Literaturaren Nobel Saria, 1998.
Cora Weiss. International Peace Bureau-ko Lehendakaria.
Bake Konferentziaren Ohorezko Batzordeko partaideen mezua
"Gizarte guztiek daukate bakerako eta gatazkak bortizkeriarik gabeko bitartekoekin konpontzeko eskubidea. Inor ez da egia absolutuaren ez jaun, ez jabe, ezta jakitun ere. Elkarrizketa eta elkarri entzutea dira tolerantzia eta elkarlanerako bideak. Abiapuntu egokia ere izan daitezke biolentzia eta konfrontazio egoerak aldatzeko. Bake Konferentzia honetako Ohorezko Batzordean parte hartuta, horiek bezain oinarrizkoak diren printzipioei lagundu nahi diegu, Bake Kulturan hain egituratzaile direnei.
Laguntza eskaini nahi diegu nortasun, sentimendu eta ideal aniztasunean oinarritzen diren ekimenei. Laguntza eskaini nahi diogu, bederen, bakea, eta elkarbizitza integratu eta baketsua lortzeko ahalegin eragile eta irudimentsu orori. Bake Konferentzia honen ekimen bereziari laguntzen diogu, beronen ahalegina baita bake prozesu baterako, eta herritarren eta ordezkaritza politikoen elkarbizitza normalizaturako printzipio eta prozedura partekatuen oinarrizko adostasuna bilatzea.
Arrakasta opa diegu 2001eko irailean hasiko den Bake Konferentziaren bultzatzaileei eta prozesuan parte hartuko duten alderdi politikoei. Bakearen eraikuntzan tinko eta etengabe laguntzen jarraitzera bultzatzen ditugu. Elkartasun zintzoena adierazten diegu giza eskubideen urratzearen eta indarkeriaren ondorioak jasan dituzten eta jasaten dituzten guztiei, batez ere bortizki jasan dituztenei. Gizarteak bere osotasunean gure arnas guztiaren laguntza izango du ekin dion bide latz eta zailean, herritar guztiek nahi duten bake, askatasun, justizia eta demokrazia esparrua bermatzeko".