GIZARTEAREN PARTE-HARTZEA: EMAITZAK
Bake Konferentzia prozesuaren lau ardatz nagusietako bat gizarteari informazioa eskaintzea eta bere babesa, iritzia eta parte-hartzea eragitea izan da. Bake Konferentziako gizartearen parte-hartzearen Dosierrean, maiatzan argitaratua eta aurkeztua, 2001eko urritik 2002ko maiatza bitartean banakakoen eta kolektiboen 5.000tik gora ekarpenak zein inkestaren bidez jasotako iritziak laburbildu dira. Karpeta honetan ondorioen atalaren laburpena eskaintzen da.
Jasotako iritzien ?abarduren kopurua eta mota izugarri handia izan da. Lan zaila izan da, baina ez ezinezkoa. Izan ere, ekarpen gehien-gehienen joerak norabide berdintsuan mugitzen dira edo, gutxienik, elkarrekin bateragarriak dira. Badira gure gizartean, zorionez, bateratze-eremu zabalak. Azken urteotan egin diren inkesta guztiek berresten dute baieztapen hori eta lan hau erraztu eta, batez ere, bakea lortzeko euskarri hoberena da, baita gizarte-zatiketaren aurkako antidoto hoberena ere.
I. Garrantzizkoena: adostasun sozialerako hiru oinarri
?Adostasun-oinarriak? deitu ditugu eta ez ?adostasunak?; iruditzen zaigu, izan ere, konbentzio sozial horiek ez dutela jada ideia edo kontzeptu bakarra euskarritzat, bipolarrak direla baizik, hots, bi kontzepturen arteko harremanean oinarritzen direla. Hona zein diren Adostasun Sozialerako hiru Oinarriak: ?bakea-giza eskubideak?, ?elkarrizketa-aniztasuna? eta ?berdintasuna-printzipio demokratikoak?. Gure gizarteak garrantzizkotzat dakusanaren zati dira hirurak, baita oso zabaldurik dauden irizpideen isla ere.
Adostasun Sozialerako Oinarri bakoitzak prozedura batekin lotzen du printzipio bakoitza: (1) bakea, (2) aniztasuna eta (3) berdintasuna printzipioak (1) giza eskubideen, (2) elkarrizketaren eta (3) araubide demokratikoen prozedura edo tresnekin uztartzen dira. Eta hauek haiekin, elkarrekiko mendekotasun-harremanean. Elkarrizketaren prozedura martxan jartzea, adibidez, ez zaio aski gure gizarteari baldin eta prozedura hori ez badago aniztasunaren eta askatasunaren oinarriari lotuta, edo alderantziz. Ezin da bakea aldarrikatu eta giza eskubide jakin batzuen urraketagatik sumindu eta beste eskubide batzuk bortxatzen direnean ezikusiarena egin. Adostasun-oinarri bakoitzean dagoen barne-harremanaz gain bada, izan ere, oinarri batzuen eta besteen arteko harremanik ere.
Horrenbestez, adostasun sozialak urrundu egiten dira pentsaera sinpletik eta ?abardurazko pentsaerara hurbiltzen dira. Ideia, printzipio edo formulazio itxi eta monolitikoek soilik ez dute balio: elkarren aberasgarri diren ideiak bereganatzeko joera du gure gizarteak. Adostasun sozial nagusiak askotarikoak dira, polo desberdin eta osagarrien arteko harreman produktiboa finkatzen baitute. Gizartearen heldutasunaren eta bake zein kontzientzia kultura sendotu izanaren adierazgarri dugu hori guztia.
?Bakea eta giza eskubideak / Giza eskubideak eta bakea
Horra adostasun argiena eta zalantzarik gabekoena. Horien gabezia da, gizartearen ustez, bakerako oztopo nagusia; aitzitik, bi gai horiek dira (elkarrizketarekin batera) gutxieneko baldintzak adostasunerako, herritar gehienen ustez. Giza eskubideei dagokienez, bizitzarena da goren-goreneko eskubidea, euskal herritarren iritziz. Eta eskubide hori etengabe bortxatzea da gizartean asaldura eta min handiena eragiten duen faktorea. Gainera, gero eta hedatuago dago giza eskubideak absolutu etikotzat hartzeko joera. Gai honi dagokionez, atxilotutakoen edo presoen eskubideekiko sentsibilitate soziopolitiko berezia ari da garatzen gure gizartean. Giza eskubideen kultura horrek lehentasuna ematen dio indarkeriaren, giza eskubideen urraketaren eta izuaren biktima guztiak babesteari eta laguntza aktiboa emateari.
?Elkarrizketa eta aniztasuna / Aniztasuna eta elkarrizketa
Errealitate-printzipio bikoitza dugu honakoa. Gizarte konplexua gara; badira gure baitan hainbat nortasun politiko, nazio-sentimendu, kultura eta hizkuntza. Gure gizartea horretaz ohartzen da. Badaki, hortaz, desberdinen arteko elkarrizketarik gabe ez dagoela konponbiderik; badaki, halaber, pentsaera guztiak integratuz gero ?eta, ondorioz, aniztasuna bermatuz gero? bakarrik dagoela konponbiderik. Elkarrizketaren prozedura eta aniztasunaren printzipioa elkarri estu loturik daude, izan ere. Elkarrizketa onartzeak berarekin dakar ?bestea? aintzatestea eta onartzea. Bateraezina da arerioaren eliminazioarekin edo aukera politiko bat legez kanpokoa egin nahi duen baztertze estrategiarekin.
?Berdintasuna eta araubide demokratikoak / Araubide demokratikoak eta berdintasuna
Gure gizarteak nahi duena da indar politiko guztiek beren proiektuak garatzeko baldintza politiko, demokratiko eta askatasun berbera izatea. Berdintasunaren aldeko sentimendu honek lotura estua du araubide demokratikoak errespetatzearekin; beraz, gutxiengoen oinarrizko eskubideak bermatzea eta gure gizartearen gehiengoaren erabakiak aintzat hartzea dakar horrek.
II. Premiazkoena: gure gizartearen bi lehentasun
?Indarkeriaren amaiera
Indarkeria amaitzea da gure gizartearen lehentasun nagusia. Hilketa gehiago ez egotea eta bizitzeko eskubidea errespetatzea da premiazkoena, ETAri aldarrikapen zuzena litzatekeena. Irizpide horren aldeko arrazoiak tinkoak eta ugariak dira. Etikoak, moralak, politikoak, demokratikoak... dira arrazoiak, baita praktikoak ere. Gure gizarteak ez du onartzen indarkeria erabiltzea; bere arazoak hausnartzeko eta konpontzeko heldua dela deritzo. Eta modu baketsuan, politikoki eta demokratikoki konpondu nahi ditu aipatu arazoak.
?Elkarrekiko bermedun hitzarmena
Bigarren lehentasuna beste honakoa da: gure barne-harremanetan eta Estatuarekin ditugunetan adiskidetze-bidean jarriko gaituen elkarbizitza-esparrua aurkitzea. Helburu hori lortzeko hauxe da premiazkoena: gure gizarteko gehiengoaren erabakiak errespetatzea eta gure gizartearen aniztasuna bermatzea elkarrekin uztartzeko hitzarmena lortzea. Beste hitz batzuekin esanda, honako gai hauetan ados jarriko gaituzten araubideak edo bermeak finkatzea: (1) gizarteko gehiengoaren babesa duen edozein proiektuk hori gauzatzeko bide demokratikoak eduki behar ditu, eta (2) bi tradizio politiko nagusien eskubideak alde biak lotesten dituen oinarrizko adostasunaren bidez bermatu behar direla (edozein dagoelarik ere gehiengo zein gutxiengo egoeran).
?Dosier? bat proiektuaren ondorioen koadroa
Dosierra PDFn
| Bake Konferentziaren Karpeta