Reportaje: La madeja del concierto económico
Últimamente se están escribiendo ríos de tinta en torno al concierto económico vasco aunque muchos de los que opinan al respecto apenas lo conocen de oídas –pues nunca lo han leído línea a línea–, o aún conociéndolo sólo pretenden llevarnos a engaño. Así, porque la falta de conocimiento trae consigo la falta de rigor, este reportaje de la profesora de Derecho Procesal en la UPV Susana Serrano Gazteluurrutia pretende poner los puntos sobre las íes. En breve, Serrano Gazteluurutía defenderá la tesis bajo el título de «El Concierto Económico Vasco: mirada y análisis en la Unión Europea del futuro» que ha preparado durante estos últimos años.
Euskal Kontzertu Ekonomikoaren afera puri purian dagoela genion. Aldiz, hobe legoke esango bagenu Kataluniatik datorrela berria. Izan ere, Kataluniako Parlamentuak Kontzertu Ekonomikoa aldarrikatzeari ekin dio, eta oraingoa ez dute estreinako aldia. Nolanahi ere, hau da egun hauetan komunikabideetan nahikoa maiz agertzen den albistea eta, honekin batera, guztiaren zeharkako ondorio kaltegarri bezala, euskal Kontzertu Ekonomikoaren eztabaida plazara atera da halaber.
Horrela, batzuk Kontzertu Ekonomikoa anakronikoa eta Historiako kontu zahar eta gainditu beharrekoa dela diote eta beste batzuk «pribilegiotzat» hartzen dute. Hauen irudikoz, Konstituzioaren esparruan beste lurraldeak konparazioz kaltetuta irtetzen dira, Kontzertu Ekonomikoak abertzaletasunaren argudioei erantzun eta ideologia banatzailea indartzen duelako. Alabaina, Kontzertua (eta Nafarroako Konbenioa, era berean) ezezaguna da kanpokoentzat zein barnekoentzat. Eta ezagutzarik gabe, defentsa zein erasoak zailak dira.
Zer da Kontzertu Ekonomikoa?
Esaldi bakar batean laburbildu beharko bagenu, Kontzertu Ekonomikoa Espainiako Estatua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko fiskal harremanak arautzen dituen modua da, ituna, kontzertua alegia.
Horrenbestez, araudi berezi honen oinarrian Foruak aurkitzen ditugu. Hori bai, Foru hitzak bi esanahi ezberdin ditu, bakoitza iturri ezberdinetik sortua, funts ezberdinetan oinarritua –eta kontrajarrietan ere, esan genezake. Batetik, bada, Foruak lurralde batek bere buruari emandako esparru juridikoa eta araudi multzoa adierazten du, ohituran oinarritua eta historian zehar bere aitzindariak sustatu eta galtzen dituenak. Herriak bere buruari emanak, ohituraz mantendu eta garatuak, irakurketa hau egungo "subiranotasun" kontzeptuarekin bat zetorrela esan genezake (anakronismoa salbu). Bigarrenik, Foruak erregeak zein herrialdeko jauntxoak emandako legea adierazten du. Izan ere, lekuren bat garatzeko, bertan jendea sustraitzeko merkataritza zein bestelako interesak zirela-eta, exentzio edo salbuespeneko abantailak ematen zitzaizkien (zerga arloan, etab). Noski, agintari batek emanak izanik, agintariak kendu zitzakeen.
Ondorioz, bi ikuspegi hauen arteko nahasketa izenean bakarrik sor badaiteke ere, –inolaz ere izaeran– sortze bidean zegoen estatu unitarioaren aldekoek (monarkia absolutista lehenik, Borboi erregeekin, eta frantziar iraultzaz geroztik Estatu nazionala) bien arteko nahastera eraman nahi izatea uler daiteke, horrela euskal Foruak Erregeak emandakoak bezala azalduz. Hots, pribilegio baten modura zeintzuk unitatearen eta orokortasunaren aurkakoak izango baitziren, demokrazia eta berdintasunaren inspirazioz kendu beharrekoak.
Kontzertu ekonomikoaren sorrera
XIX. mendean eta lehenago euskal Lurralde Historiko bakoitzak bere izate eta entitate propioa zeukan, beraien artean antzekotasunak nabari badaitezke ere. Euren artean independenteak ziren, unitate politikorik osatu gabe. Dena den, garai berean gaur egun Espainiako Estatu bezala ezagutzen denak ere ez zeukan inolako izaera bateraturik eta erresuma eta herrialde ezberdinak aurki zitezkeen.
Gerora, erresumen baturaz (Errege Katolikoen ezkontzaz, gerra bidez atxikituz, etab) unitate hori bilatuz, aldarrikatuz eta inposatuz joan zen, zentroko agintarien izaera besteetara zabalduz. Lurralde batzuetan besteetan baino erraztasun handiagoz lortu zen homogenizazio hori, eta uniformitate edo bateratasun horretara makurtzen azkenekoak euskal lurraldeak izan ziren, 1876.ean Dekretu bidez beren Foruak galdu zituztenean.
Aitzitik, Estatuak ordurako inguruko lurraldeetan zabaldurik zeuzkan administrazio eta ezagutza bideak euskal herrialdeetan ez zituen indarrean eta hemendik sortu zen, hain zuzen ere, gaur egun foraltasun edo foralitatearen azken edukia den Kontzertu Ekonomikoa. Beraz, espainiar gobernuak euskal Lurraldeetan zergak batzeko izan zuen ezintasunean oinarritu zen Kontzertu Ekonomikoa.
Kontzertu Ekonomikoa 1878.eko otsailaren 28ko Dekretu bidez onartu zen. Sarreran esaten zenez, «Probintziek nazioaren kontzertu ekonomikoan parte hartu behar zuten». Horrela, Diputazioetako Ogasunak bilduko zituen zergak, Estatuari aldez aurretik kalkulatutako diru kopurua emango zioten (Kupoa).
Sistema honek Diputazioen «autonomia» ekarri zuen. Lurralde bakoitzak bere beharrak asetzen zituen (azpiegiturak, lurraldeko errepideen kudeaketa, zerbitzuak, lurraldeko polizia –Bizkaian eta Araban Miñoiak eta Gipuzkoan Mikeleteak–, Ongizatea, Diputazioetako langileak, udaletako kontu eta aurrekontuak kontrolatu, Diputazioko kontuen berri inori eman beharrik ez, katedrak eta landetxe ereduak sostengatu, etab.).
Hasieran, urte batzuetarako eta behin behinekoa bezala pentsatua izan bazen ere, bere funtzionamendu ona eta guztientzat onuragarria ikusiz berriztatuz eta egoera berrietara moldatuz eta egokituz joan zen.
Kontzertuaren filosofia
Barnetik ikusita, EAEk bere finantza bideak ezartzeko eta hauek gastatzeko duen ahalmena da; herritarrengandik zergak bildu eta hauei zein finalitate eman erabakitzeko eskumena alegia. Kanpotik, honek nolabaiteko «finantza subiranotasun» kutsua dauka («poltsa daukanak dauka boterea»), eta hemendik sortzen dira ematen diren eraso eta kritika guztiak, elementu federal-sasikonfederal honek estatuaren ideia unitarioarekin topo egiten duelako.
Alabaina, Kontzertu Ekonomikoa itun bat da, printzipioz parekatuak diren bi aldeen artekoa. Hau dela medio, ez batak ez besteak ezin dute hitzarmen hori bere kabuz aldatu edo ezabatu. Dena den, azkeneko berriztapenean ikusi zenez, Estatuak bere aldetik luzatu zuen Kontzertua, printzipioz hura legez kanpoko erabaki bat izanik, edo behintzat araututako bideetatik kanpokoa.
Hau guztia horrela, Kontzertu Ekonomikoaren ardatza «Kupoa» da. Zehazkiago azalduz, EAEk Estatuari honek euskal lurraldeetan burutzen dituen zerbitzuak ordaintzeko urtero ematen dion diru kopurua da «Kupoa» moduan ezagutzen den hori (atzerriko ordezkaritzagatik, aduanak, armada, koroa, eta bestelako zerbitzuengatik). Bost urtetarako kalkulatzen da, Estatuaren aurrekontuen arabera EAEri dagokion ordainketa portzentaia kalkulatuz.
Kontzertuaren abantailak eta arriskuak
Hain erraza dirudien Kontzertu Ekonomiko honek bere zailtasunak eta arriskuak ditu. Estatuari ordaindu beharrekoa kopuru finkoa denez, egoera ekonomiko oneko garaietan eta lurraldeetan zerga asko bildutakoan, gainontzeko guztia lurraldean bertan geratzen da, herrialde horretako agintariek euren egitasmoak aurrera eraman ahal izateko.
Alabaina, momentu ekonomiko txarretan –eta EAEn horrelako krisi garaiak ez dira hain urrunekoak–, Estatuari eman beharreko kopurua ez da proportzioan murrizten. Beraz, lurraldean bildutako zergen zati hori betetzeko erabiltzen dira lehendabiziko eta, hau egindakoan, herrialdeko instituzioek geratzen denarekin moldatu behar dute proiektuak aurrera ateratzeko. Beraz, arriskuaren printzipioa ere bistakoa da.
Izan ere, gertatu izan da krisi garai txar horietan inork ez duela euskal kontzertu ekonomiko sistema eskatu, «kaltegarria» suertatzen zelako momentu horietan. Soilik ekonomiaren joan-etorriak hobetu direnean sistemaren alde ona eskatzen hasi dira.
Bestetik, kontuan hartu behar dugu Espainiako Konstituzioaren 156. atalaren arabera eta «Finantza autonomiaren printzipioa» delakoari jarraiki, lurraldeek beraien eskumenen garapen eta exekuziorako eskubidea dutela. Honen muga bakarra Estatuaren Ogasunarekin koordinakuntza eta lurraldeen arteko elkartasuna da. Nolabait esateko, «gastuarekiko» autonomia da. Eta hau autonomiaren garapenerako kontuan hartu beharreko elementua da. Garapena gastuaren araberakoa izango da, eta gastua dagoen diruaren heinekoa. Aldi berean, norberak bildu beharrean beste batek emana bada diru hori, gehienetan gutxiago izango da jasotakoa. Nolabait, Euskal Autonomi Erkidegoa eta Nafarroako Foru Komunitatearen kasuak alde batera utzita, Estatuak erkidegoen autonomia eta hauen garapena kontrolatzeko bide bat aurkitzen du hemen.
Kontzertuaren inguruko gatazkak
Esan bezala, Kontzertua Kupoan gauzatzen da eta hauxe da bertan emandako Estatuarekiko zerbitzuengatik Estatuak EAEtik jasotzen duen dirua. Zenbaterainoko diru-kopurua zehazteko tira-bira alde batera utzita, hemendik sortzen da iskanbilaren beste hari-muturretako bat eskumen edo konpetentziena. Zergatik? Transferitu gabe dauden eskumenak, azken finean, Administrazio batek eman beharreko zerbitzuak direlako eta, transferitu ezean, Espainiako administrazioak burutzen dituela suposatzen delako. Honek, Kupoaren kopurua handitzen du (Estatuak EAEtik jasotzen duen dirua). Horrenbestez, transferitzeko dauden eskumenen gaia ez da zerbitzuena bakarrik baizik, hauek suposatzen duten diru iturriagatik ere badelako.
Gernikako Estatutuan, Espainiako Konstituzioaren esparruaren barnean, EAEren eskuetara zein eskumen pasatuko diren esaten da. Gaur egun, komunikabideetan hamaika bider entzun daitekeen bezala, oraindik zenbaitzuk (eta horien artean batzuk garrantzitsuak, Gizarte Segurantza, kasu) transferitu gabe daude, bai Estatutuak bai Espainiako Konstituzioak berak horrela onartu arren.
Bestalde, Tejeroren estatu golpeaz geroztik eta eguneroko politikan ere oztopoak jarri dira transferentzia horiek burutzeko, agian eskumen larregi direlakoan. Ildo berdinean, transferitutakoak murrizten saiatzen dira, azkenekoz Sozietateen gaineko zergan ikusten ari garenez (zerga mailan EAEk abantailak ematen dituela aurpegiratuz, orokorrean EAEko zerga zama handiagoa bada ere).
Halaber, eskumenekin batera loturik dagoen beste gatazka puntu bat eskumen horien edukiaren babesarena da. Europar Batasunean sartzeak Espainiako Estatuak zenbait eskumenen utzi behar izan ditu Batasunak kudeatuko dituelako. Gertatu izan dena zera da, utzitako zenbait eskumen jadanik ez zirela Estatuarenak, Autonomi Erkidegoena baizik.
Nekazaritza eta arrantzan ikus daiteke honen guztiaren isladarik ikaragarriena, baina badaude merkataritza, garraio eta osasuna bezalako arloetan ere adibide gehiago. Europako batasun politikorako dantzan dabiltzan ahalmenak subiranorasun zati bat elkar konpartitzea eskatzen du: justizia, barne babesa, nazioarteko erlazioak... Eta hauek Estatuaren eskumen esklusiboak dira. Arren, besteena konpartitzea beti errazagoa da (elkargoen eskumenak, kasu) norberarena baizik (Estatuaren eskumenak edo subiranotasuna).
Hori bai, Europako beste lurraldeetan gertatzen denari kasu egin ahal zaio. Alemania, Belgika eta itxura federaleko beste herrialdeetan horrelako egoera batean Estatuaren edo federazioaren ordezkaritzaz gaian eskumena duten lurraldeek ere parte hartzen dute. Espainiako kasuan, orain arte eskainitakoa argazkietan agertzea izan da, itxura ona emateko baina erabaki ahalmenik gabe. Gauzak larregi aldatu gabe, araudien malgutasunaz edo zehaztasun faltaz baliatuz, aukera bat litzateke Ministroaz gain erkidegoetako sailburuek ere Europarako delegazioa osatzea.
Laburbilduz, eta daukagun marko juridikoaren barruan, Kontzertuak abantaila batzuk bideratzen ditu: zerbitzu eta azpiegituren hobekuntza, Europar Batasunaren esparruan eskumenen babesa, Europar Batasunaz eta Europako beste lurraldeekiko harreman zuzenak eskumenen mugen barnean… Are gehiago, Kontzertu Ekonomikoaren sistema «esportatu» daitekeen egitura ere bada, Europar Batasuneko kideen arteko diru biltze eta jasotzeak arrazionalizatzeko baliagarria baita. Azken buruan, euskaldunok zer erakutsi badaukagula iruditzen zait. Hori bai, bakoitzari dagokio bere iritzi propioa. Izan ere, erreportaje honen helburua horixe besterik ez zen, Kontzertu Ekonomikoaren inguruan azalpen nagusiak ematea, epaiketek, iritziek eta ondorioek berez ezinbestekoa baitute honetaz zerbait jakitea.
Katalandarrek ere kontzertua nahi dute
Elkartasunerako Konpentsazio Funtsaren gehiengoa Kataluniatik sartzen da, adituen arabera %90a izan daitekeena, bere Barne Produktu Gordinaren %7,7a alegia
Egun bizi duten zurrunbilo politikoari erreparatzearekin nahikoa da daukan finantza sistemarekin Katalunia konforme ez dagoela konturatzeko. Horrexegatik, aldatzeko asmoa adierazi du. Zenbait giroetatik gogo hau abertzaletasunaz lotzen dute eta ez justiziarekin. Zergak Katalunian bildu eta gero Estatuari eman beharrekoa negoziatzea norberekoitasuntzat jotzen dute Espainiaren unitatea (hau da, horrela izendatu gabe, zentralismoaren edo espainiar abertzaletasunaren ideologia) banderatzat dutenek.
Aldiz, Katalanen jarrera esparru federal batean kokatzen den proposamena da. Komunitate Autonomoak arautzeko ahalmen esparruak izatea aldarrikatzen dute. Berdintasuna eta autonomia arteko konbinaketa eskatzen dute, berdintasuna bezala komunitate ezberdinek ahalegin fiskal antzekoa eginez zerbitzatu maila antzekoa eskaini ahal izatea ulertuz.
Gertatzen dena zera da: Estatuak Katalunian zerga asko bildurik, gero bueltan gutxi doakiola (gastu publiko eta inbertsio gisa), hau da, ematen duena baino gutxiago jasotzen duela. Katalanek nolabait «galtzen» ateratzen direla sumatzen dute, eta Espainiaren «patrika» direla. Beste alde batetik, herrialde «pobreagoetatik» elkartasun falta aurpegiratzen diete, orain arteko sistema apurtu nahi izateagatik.
Generalitateak zenbait adituei eskatutako ikerketaren arabera, 1986 eta 2001 urteen bitartean 94.500 milioi euro joan ziren Madrilera itzulpenik gabe. Honek Barne Produktu Gordinaren bataz besteko %7,7a suposatzen du, eta gaur egun %10etik gorakoa izan daitekeela kalkulatu dute (12.000 milioi eurotik gora, urtero). Noski, Espainiako Gobernuaren arduradunek (PPkoak bere garaian eta PSOEkoak orain) ez datoz bat datu hauekin bestelako modu batean kalkulatzen dutelako Kataluniak Estatutik jasotzen duena. Izan ere, Generalitatea bezala diru fluxuen sistemaz baliatu beharrean (lurraldean egindako gastuak), onuraren fluxua hartzen dute kontuan. Adibide bat aipatzearren, Madrilgo Teatro Realaren berriztapenean gastatutako 135 millioi euroak guztien onerako gastu orokor bezala ulertzen dute, Katalunia bera barne.
Zentzu honetan, Espainiako Estatuaren herrialdeen arteko elkartasunari erantzunez, Konpentsazio Funtsa aurkitzen dugu. Honen helburua hauen arteko ezberdintasunak txikitzea eta solidaritate printzipioa gauzatzea da.
Aberastasun maila txikiko erkidegoei zuzenduta dago. Honetarako irizpide hauek jarraitzen dituzte: biztanleko errenta maila, emigrazio indizea, langabezi portzentaia eta lurraldearen hedadura. Hala, laguntza hauek jasotzen dituzten erkidegoak Extremadura, Andaluzia, Gaztela-Mantxa, Galizia, Murtzia, Kanariak, Gaztela eta Lehoi, Asturias eta Kantabria dira. Gainera, lurralde arteko Konpentsazio Funtsaren laguntzez gain, Europar Batasuneko Funts Estrukturaletatik eta Kohesio europar Funtsetatik ere jasotzen dute dirua.
Horrela, Elkartasunerako Konpentsazio Funtsaren gehiengoa Kataluniatik sartzen da (zenbait adituen arabera %90a izan daitekeena, bere BPGaren %7,7a) eta Nafarroak eta EAEak beraien BPGren %2-3. Diferentzia hau alde batetik ondasunen araberakoa da, baina baita sistema fiskalaren ondorioa ere. Horregatik Kataluniak Kontzertu Ekonomiko bat nahi du.