Bilatzailea:

Elkarri Albistegia

Harpidetu

Ezabatu







       

       &nb


Martxotik aurrera, Elkarri Eragin-en eraldatuko da

Elkarri bake prozesu bat prestatzen laguntzeko gizarte mugimendua izan da, Eragin bake prozesua garatzen laguntzeko herritarren sarea izango da.
Erakunde berriaren lehentasunak akordioa eta kontsulta aldarrikatzea, herritarren partehartzea sustatzea eta berradiskidetzea prestatzea izango dira

Urrian, azaroan eta abenduan zehar, Elkarri bere VIII. Batzar Nagusiaren prozesuan murgilduta dago. Eztabaidatzen ari den txostenean adierazten da, hamairu urteko jardueraren ondoren, Elkarrik sortu zenerako zeregina funtsean bete duela eta horregatik bere etorkizunaren inguruko eztabaidari ekin behar diola. Azterketa honetan oinarrituta, lau alternatiba aztertu dira: jarraitzea, berritzea, eraldatzea edo amaitzea.

Atzo larunbata, azaroaren 19a, lau alternatibetako bat bozkatzeko bilera izan zuten Elkarriko kideek. Hemendik eta abenduaren 17ra bitartean, batzarraren eginkizuna gehiengoak hautatu duen aukera garatzea izango da. Atzo arratsaldean adierazi zen bezala, babes gehien lortu duen alternatiba eraldaketaren aldekoa izan da botoen %82,90arekin. Berrikuntzaren aukerak botoen %7,89a lortu zuen, jarraitzeak %0,65a eta amaitzeak %1,32ko portzentaia. Abstentzioa %7,24koa izan da.

Emaitza honek adierazten du, martxotik aurrera, oraindik zehaztu gabe dagoen data batean, Elkarri tresna sozial berri batean eraldatuko dela. Elkarri Eragin-en bilakatuko da, egoera berrira egokitutako bakearen aldeko erakunde sozial berria. Elkarri eraldatzeko erabaki hau hiru oinarritan finkatzen da.

·Eraldaketaren funtsa. Elkarrik bere zikloa itxi dezake funtsean sortu zenerako zeregina balantze argi eta garbiarekin bete duelako. Indarkeriarik eza, elkarrizketa, akordioa, kontsulta eta alderdien mahaiaren proposamena gizarte, politika eta instituzio mailan gehiengo batek onartu du. Baliabide hauekin bakearen aldeko borrokan gizarte tresna berriak bultzatzea proposatzen da.

·Bi erakundeen arteko trantsizioa. Elkarrik bere zikloa itxi egiten du eta bere esperientziaren onena aprobetxatuz jaioko da Eragin. Zalantzarik gabe, gizarte mugimendu honen alderdi sendoak hartuko ditu oinordetzan, baina erakundea erabat berria izango da, errealitate berrira, garai berrietara eta egoera berrira egokituta, zeregin berriarekin, antolaketa eredu berriarekin eta jarduera modu berriekin. Elkarrik bere zikloari amaiera ematen dion egun berean eta ekitaldi berean Eragin jaioko da. Elkarri bake prozesua prestatzen laguntzeko gizarte mugimendua izan da, Eragin bake prozesua garatzen laguntzeko herritarren sarea izango da.

·Elkarritik Eragin-era aldatuko dena. Izen aldaketaz gain, eraldaketak Elkarri gizarte ekimena izan denarekiko aldaketa sakona ekarriko du berekin. Eraberritze honek dakarrena lau ataletan laburbilduko dugu:

-Gizarte mugimendu honen jardueraren ardatza elkarrizketa eta indarkeriarik eza aldarrikatzea eta eraikitzea izan da. Aldarrikapen hauek ez daude bermatuta baina sozialki lortuta daude eta defendatu behar diren premisatzat har daitezke. Honen guztiaren arabera, etapa berri honetan, Eragin-ek bere lehentasun aldarrikatzaileak akordio anitzean eta herri kontsultan oinarrituko ditu.

-Elkarrik bere ahaleginen parte handi bat foro, mahai eta metodologia desberdinen bidez alderdiak biltzen jarri ditu. Fase hau amaitu da, hemendik aurrera, hau alderdi eta erakundeen erantzukizun zuzena delako. Beraz, Eragin-ek ez du ekintza hau bere jarduera lehentasunen artean. Egingo duena da, herritarren aldetik bake prozesuaren azterketa, ebaluazioa eta jarraipena egiteko mekanismo publikoa, aldizkakoa eta zorrotza ezartzea izango da.

-Eragin-entzat funtsezko garrantzia izango du herritarren informazioaren eta partehartzearen aferak bake eta normalizazio prozesuan. Berradiskidetze gaian ekarpen zehatza egiten saiatuko da halaber, denboran gertu egon daitekeen eta ezinbestekotzat jotzen den beharra izanik.

-Eragin-ek antolaketa eta funtzionamendu ereduetan aldaketa sakona ekarriko du. Elkarri talde lokaletan antolatu den gizarte mugimendua izan da eta Eragin pertsonak eta taldeak koordinatuko dituen gizarte sarea izango da. Pertsona eta talde hauek konpromiso maila desberdinak eta parte hartzeko eta kolaboratzeko modu berriak izango dituzte, teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz.

Gaur ezin da askoz gehiago aurreratu. Oinarri hauetatik abiatuz, Elkarriko kideek batzarrean eztabaidatu, zuzenketak aurkeztu eta onartu beharko duten egitasmo zehatzagoa prestatu behar du Tailer Nazionalak abenduaren 17rako. Data honetatik aurrera eta martxora bitartean batzarren bidez berretsi beharko diren erakunde berriaren sorrerako txostenak prestatuko dira. Guztia, oinarri hauek eta Eragin izendapen bera ere, ordura arte behin-behineko orientabideak dira batzar prozesuan zehar zuzendu eta aldatu ahal izango direlako.

Eraldaketa honek esan nahi du, Elkarrirentzat, bakearen aldeko lanean etapa bat itxi eta beste bat zabaltzen dela. Eraldaketa honen helburua bakearen xedeari eraginkortasunez laguntzen jarraitzea da, aldaketa garrantzitsu eta itxaropentsuen garai batean, gizarte tresna berri baten bidez. Eragin Elkarriren fruitua izango da, bere azken ekarpena gure gizartearen bake eskubidearen alde gehiago eta hobeto borrokatzeko.

2005eko azaroaren 20a
Elkarri
elkarrizketa eta akordioaren aldeko gizarte mugimendua


  



info@elkarri.org